LAUDIO

Prentsa Aretoa

2014/02/15

Ortuzarrek Biasterin deitu ditu arabarrak “Araban eta Euskadin sinesten ez duen, eta Madrilentzat baino gobernatzen ez duen” Ahaldun Nagusia ordezkatzera

Andoni Ortuzar EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Biasterin esan du gaur talde jeltzaleak Araban erronka bat duela, berehala atondu behar dena: 2015 urtean Javier de Andres ordezkatzea, arabarrek Arabaz eta Euskadiz arduratuko den eta Madrilgo nagusiek esango dutenaz pentsatuko ez duen Ahaldun Nagusia izan dezaten. “Arabak arazo bi ditu gaur egun. Lehenengo eta behin, De Andrések gauzak ez dituela ondo egiten, bere kudeaketa txarra dela; eta bigarrena da oraingo Ahaldun Nagusiari bere taldekoak ,PP eta Rajoy falta zaizkiola, errealitate gordina baita Arabari eta Euskadiri berdin zaiela Rajoy eta bere alderdia, Arabako eta Euskadiko PP alderditik hasita, Madrilen ez baitute ezer egiten. Arabar gizarteari argi eta garbi esan behar diogu zer gertatzen den: EAJk esana betetzen duela, Eusko Jaurlaritzak agindutakoa betetzen duela, Arabako Foru Aldundiak kale egiten duela, Espainiako PP alderdiak Araba abandonatuta duela” salatu du EAJ-PNVk Biasterin ospatu duen Arabar Errioxako Alderdikide Egunean. Ekitaldi politiko berean hitz egin dute Xabier Agirre Araba Buru Batzarreko presidenteak eta Ramiro Gonzalez, Arabako Batzar Nagusietan talde jeltzalearen bozeramaileak.

rss Ezagutzera eman
  • Javier De Andresi buruzko ahots kortea
    2014/02/15

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

Ortuzarrek EAJren eredua  jarri nahi izan du euskal esparru politikoa osatzen duten gainerako talde politikoen aurrean. “Aste honetan bi akordio handi lortu ditugu Euskadi mailan: Bata izan da Donostiako Udalean, aurrekonturik gabe egon den euskal erakunde handi bakarra izan den horretan, Bilduk inorekin akordioetara iristeko gai ez delako. Ba begira, lortu egin dugu, eta orain gure Herriko erakunde nagusiek aurrekontuak dituzte, eta gauza bat da  akordio hauetan guztietan gertatzen dena: EAJ da akordio guztietan parte hartu duen bakarra. Horixe da EAJren eredua, akordioaren eredua, guztien ongia bilatzen duen eredua, herriaren ongia nahi duen eredua. Zein da besteena? Galdetu du jeltzaleen buruak.

Ortuzar oso kritikoa izan da Arantza Quiroga Euskadiko PP alderdiko presidentearen jarrerarekin, bere jokaerak argi eta garbi erakutsi  baitu bere alderdiaren interesak  zeintzuk diren. “Ereduez ari bagara, Quirogaren jarrera ikusi besterik ez dago Lehendakariak, errespetu osoz, Rajoyrekin izan zuen bileraren edukiaren berri emateko deitu zuenean.Bilerarik irten eta segidan esan zuen gertatu ez zena. Bakeari lagundu beharrean, oztopoak jarri dizkio aurrera egin nahi duen herri honi” deitoratu du. “Eta, zer esango dizuet Javier de Andrés Arabako Foru Ahaldun Nagusiaren jarreraz. Guk herrigintzan aritzeko obsesioa dugun bitartean, bere obsesio bakarra da EAJ suntsitzea, nahiz eta  bide horretan Araba ere suntsitzen duen. Zer egin zuen Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilera ostegunean  egin baino lehen? EAJren ardura bakarra Bizkaia denaren gezurra bota zuen: Baina, bilerara etorri eta akordioa lortu zen: Zergatik? Gobernuan EAJ dagoelako, guztiengan pentsatzen duen alderdia: Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan: Euskadin. De Andrések bilatzen du XXI. Mendeko Unidad Alavesa izatea, EAJk Araba atzean uzten duelako gezurra botaz. Ba, ez. Utz dezagun bakoitza bere tokian. Kontzertu Ekonomikoaren sistemak gauzak ondo egiten dituena saritu eta txarto egiten dituena zigortu egiten du. Horixe da arazoa, Andres txarto ari dela. Berak ezarri zuen diru-bilketaren %2tik behera dago. Baina, hori baino behiago dago: bere taldekoek ere kale egiten diote, PPk, Rajoyren gobernuak…. Denok adostu genuen Araba puntu logistiko handia izango zela Europa eta penintsularen artean. Baldintza guztiak betetzen ditu: lur zabala eta garraio sare ona. Eta, zer gertatzen da? Arazoak daudela. Baina Forondaren arazoa ez da Loiu,baizik eta PPren Gobernuak erabaki duela Zaragoza eta Burgos Foronda baino lehenago egotea.Hori bai dela arazoa. Zer gertatzen da AHTrekin? Tren bat dugu orain geldituta dagoela. Eusko Jaurlaritzak egin behar duen zatia ondo doa, baina Espainiako Gobernuaren mende dagoena historiako bidegorririk garestiena izateko arriskua du une honetan. Eta horiek ez dira EAJren erabakiak, ez Foronda ez AHT, PPren erabakiak dira. Eta, hor dago De Andrésen argudioak huts egiten duen puntua. Horixe bai dela arazoa:Rajoy eta Alderdi Popularrari berdin diela Arabari gertatzen zaionak. Horregatik ez dugu behar Ahaldun Nagusi negarti eta ahula, Ahaldun Nagusi kementsua behar dugu. Horra hor gure erronka: Ahaldun Nagusi ausarta, Araba Gasteizen, Madrilen eta Bruselan defendatuko duena”.

Xabier Agirrek Arabar Errioxako EAJko alderdikideei esan die ilusio eta itxaropena dituela 2014ko Europako hauteskundeen aurrean, baina bereziki datorren urteko foru eta udal hauteskundeen aurrean. “Nabaritzen hazia naiz Arabako erakunde nagusietara aldaketak datozela. Zurrumurru batzuk heldu zaizkit  arabarrek aldaketa nahi dutela PPk Arabako Foru Aldundiari eman dion norabide aldaketagatik. Ezin dute halako eraginkortasunik eza jasan, halako gaitasunik eza” gaineratu du. Halaber, Agirrek Arabako PPren estrategia salatu du. “Herrialdeen arteko gatazka ateratzen dute beren gabeziak estaltzeko”. Bere argudioak azaltzeko ekarri ditu gogora Foronda eta Trebiñoko kasuak. “PPren eta Rajoyren Espainiar Gobernua izan da Arabako aireportua 24 ordutan zabalik egotea eragotzi duena.Horren aurrean zer esaten du PPko foru gobernuak? Begirada Bizkaian jartzen du, bere gaitz guztien erantzulea izango bailitzan. Gezur borobila. De Andrések, benetan Arabako interesak defendatu nahi baditu, bere alderdiko ateak jo behar ditu eta Forondarako konponbidea bertan eskatu”. Agirrek Trebiñori buruz salatu duenez “ Eusko Legebiltzarrean PPk aho txikiarekin Trebiño Araba dela esaten duen arren, Madrilen esaten dute Trebiño Burgos dela”.

Ramiro Gonzálezek bere aldetik gogoratu du Arabar Errioxa eskualdeak bizi duen egoera latza: “Orain, gehien behar duzuenean, Aldundiak kale egin dizue, bizkarra eman dio Arabar Errioxari. Benetan kezkatzen nau  Javier De Andrések Arabar Errioxako kuadrillaren  aurrean erakusten duen arduragabekeriak. Berak uste du  kuadrilla ez dela behar. Atzo bertan  mozio bat aurkeztu zuen kuadrillari finantzaketa kentzeko. Ondo kudeatzen denez, kutxako soberakina duenez, duen dirua kendu nahi dio. Javier de Andrés gehiago kezkatzen du Pedro Sanz ez molestatzeak Arabar Errioxaren interesak defendatzeak baino” salatu du Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile jeltzaleak. Arabak bizi duen egoera ekonomiko latza ere bada Ramiro Gonzálezen arduretako bat. “ Garai latzak dira. Krisiak gogor kolpatu gaitu. 26.798 langabe ditugu. Eta langabezia Arabar Errioxara ere heldu da, Oionera bereziki. Arabar 865 langabe ditugu. Oion Euskadi osoan da langabezi tasa handiena duen bigarren herria. % 25etik gora. Hori bai  dela gure kezka nagusia: enplegua berreskuratzea. Eta horretarako, ezinbesteko dugu neurriak hartzea. Beharrezko dugu akordioak lortzea. Horregatik onartu ditugu Aldundiak aurten izango dituen aurrekontuak, Arabak aurrekontuak behar dituela uste genuelako”.

Emilio Olabarria Bloga