LAUDIO

Prentsa Aretoa

2016/09/13

Ortuzarrek bere eta EAJ-PNVren gain hartu ditu Urkulluk gaur goizean Vitoria-Gasteizekin hartu dituen konpromisoak

Lakuan egin den ekitaldi politikoan, EBBren presidenteak bermatu du ez inork ezta ezerk ere ez dutela alderdi jeltzalea “erdikotasunetik” mugituko, ezta “ jendearen itxaropenetatik eta langabezia murrizteko proposamenetatik“ aldenduko ere.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, bere eta Eusko Alderdi Jeltzale osoaren  gain hartu ditu gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakari eta Euskal Hauteskundeetarako Arabako zerrendaburuak Vitoria-Gasteizekin hartu eta iragarri dituen konpromisoak. Gaur arratsaldean Gasteizko Lakua auzoan egin den ekitaldi politikoan aldarrikatu du bere taldea  izan dela kanpainan daramatzagun bost egunotan proposamenak planteatzen ari den bakarra, gainerako alderdi politikoek erabili izan duten argudio bakarraren aurrean: EAJren kontrako kritikak. Zerrenda triste horretako lehena Partido Popularra da. “Ez dute EAJ desitxuratzea lortuko, ez biguntzea, ez erradikalizatzea, ez isiltzea ezta urduri jartzea ere. EAJk ondo baino hobeto daki bere lekua zein den. Jakin badakigu jendeak zer pentsatzen duen eta gugandik zer espero duen. Jakin badakigu lehentasunak zein diren: enplegua;  familiei aukerak ematea, etorkizunean lasaitasunez pentsa dezaten; indarkeria urteen buruan, elkarbizitza eta bakea ekartzea; autogobernu maila handiagoa ekartzea, zenbat eta autogobernu maila handiagoa, orduan eta ongizate handiagoa eta oparotasun handiagoa izango ditugulako hemen bizi garen guztiontzat. Hor egongo da EAJ, eta ez mutur batean edo bestean, PPri interesatuko litzaiokeen moduan” esan du Ortuzarrek. Euskadiko hiriburuko alkate Gorka Urtaranek eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Herrialde Politikako sailburu eta  Arabako zerrendako bosgarren doan Ana Oregik ere hitz egin dute Gasteizen gaur arratsaldean egin den ekitaldian.

 

Ortuzarrek baieztatu du EAJ-PNVk harrotasun osoz esan dezakeela “ gu bai garela egitasmoa, ideiak eta hiri honen mesedetan, Gasteiz, Araba eta Euskadi osoaren onerako, gauzak egiteko gogo handiak ditugunak” . Eta azken aldian egindakoa ekarri du gogora, egin duen baieztapenaren adibide gisa “Gaur goizean bertan, Lehendakariak gogoratu egin du bere Jaurlaritzak Gasteizekin urteotan izan duen konpromisoa, eta asko laburtuko dut: tranbia, autobus geltokia, Europa Jauregiaren birmoldaketa, Salburua eta Zabalganako gizarte zentroak; Gasteiz Etorbidearen birmoldaketa, Txagorritxu eta Santiago erietxeetan eginiko lanak… eta Udalarekin adostu den lehen hitzarmena izenpetu du hiriburutasun kanon gisa urtean 5 milioi euroko inbertsioa egiteko. Eta ez hori bakarrik: Lehendakariak etorkizunaz ere hitz egin du eta Ekintza eta Egitasmo zehatzak iragarri ditu: Tranbia Unibertsitatera eta Salburuara eramatea; garraio iraunkor eta jasangarria osatzea BRT martxan jarrita; Zadorra eta Batan eta Zapardiel ibaiak onbideratzea; 12.000 biztanle dituen Koroatze auzoa goitik behera birmoldatzea; Zainketa intentsiboko Unitate berria eta Lagundutako Ernalketa Unitate berria Txagorritxun; Haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikastetxe berriak: Aldaialdakoa Zabalganan eta Errekabarrikoa Salburuan; Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe berria Zabalganan… Hori da Gasteizekin konpromisoa izatea. Lehendakariaren eta EAJren konpromisoa. Gorka, egon zaitez lasai. Nire hitza daukazu” esan dio jeltzaleen buruak Vitoria-Gasteizko alkateari.

 

Proposamenak eta egitasmoa azaldu ondoren, Ortuzarrek erantzun nahi izan die PPk oro har, eta Alfonso Alonsok  bereziki, EAJ-PNVren kontra jaurtiki dituzten erasoei. “Alonsoren adierazpen guztietan EAJren kontrako eraso bat dago. Denetatik esan digu. Esan du herri honentzako arriskurik handiena garela. Erdigunetik kendu nahi gaituzte eta jendeari beldurra eragin nahi diote. Jakin badakite beraiek direla egoerarik okerrenean daudenak, Euskadin ez dute ez sinesgarritasunik ezta gizartearen babesik ere, lehengo hautesleak “ihesi” joan zaizkie eta abertzale arriskutsuak ez dakit zer egitera etorriko direnaren mamua astindu behar dute beren zaleak hurbil izateko” esan du Ortuzarrek. Era berean, bi mezu  bidali nahi izan dizkio Alonsori. “Lehenengo eta behin: beldurraren taktikak Herri honetan ez duela lekurik. Mayor Orejaren bidetik doa . Fijatu dadila ondo eta konturatu dadila Espainiako ministro izan zena non dagoen. Jendeak ez du mamuengan sinesten, are gutxiago halako umekeriekin, hain era artifizialetan beldurrarazi nahi gaituztenean eta salaketak faltsuak direla horren agerian daudenean. Eta, bigarren mezua: ez gaitu Herri eta Herrialde honen erdikotasunetik mugituko, milimetro bat ere ez. EAJ erdigunean egongo da, pertsonen itxaropenen erdian, langabezia murrizteko proposamenen erdian, gorriak ikusten ari direnei ematen zaien gizarte babesa hobetzeko. Labur eta argi esateko,  EAJ lanean arituko da, besteak kritikari ekiten dioten bitartean”, bermatu du.

Emilio Olabarria Bloga