LAUDIO

Prentsa Aretoa

2018/10/09

Ramiro González: “Araba aurrera egiten ari da eta oraingo momentua aprobetxatu behar dugu bere lidergoa ilusioarekin eta kudeaketa lan onarekin finkatzeko”

Arabako Ahaldun Nagusiak legealdi honetan Politika Orokorrari buruz egingo den azken Osoko Bilkura hasteko orduan azpimarratu du azken hiru urte hauetan lortu den elkarrizketa eta adostasun giroa, inguruan “ezegonkortasuna, populismoak eta erradikaltasuna” nagusi diren bitartean

rss Ezagutzera eman
Ramiro González: “Araba aurrera egiten ari da eta oraingo momentua aprobetxatu behar dugu bere lidergoa ilusioarekin eta kudeaketa lan onarekin finkatzeko”

ARGAZKIA JAITSI

Arabako Ahaldun Nagusiak azken hiru urte hauetan lortu den elkarrizketa eta kontsentsu giroa azpimarratu nahi izan du, giro horrek herrialdeari egonkortasuna ekarri diola gogora ekarriz. Inguruko eskualdeetako populismo eta erradikaltasunaren aurrean, “Euskadi osoa eta Araba herrialdea erakusten ari dira etorkizuna eraikitzeko tresnarik onenak direla moderazioa eta egonkortasuna”, esan du. Ramiro Gonzálezek Arabako Ganbera osatzen duten gainerako indar politikoei ere aitortu die legealdian egin duten lana, eta erantzukizunez jokatzen jarraitzea eskatu die aurrekontuei buruzko akordioa adoste aldera, legealdi honetan lortu diren hiru akordioei gehitzeko.

Aldundiko agintari gorenak baieztatu du lan egiteko modu honek, hau da, gizarte eragileekin, talde politikoekin eta beste erakunde batzuekin akordioak lortzearen bidez, emaitzak eman dituela. “Araba herrialde erakargarria da, aukerak ematen ditu. Herrialde lider honen indarguneak finkatu ditugu eta Araba prest daukagu etorkizun oparoari ateak zabaltzeko. Lortu dugun biziberritzea aprobetxatu behar dugu. Arabak aurrera egiten darrai eta une hau baliatu behar dugu bere lidergoa ilusioarekin eta kudeaketa lan onarekin finkatzeko”.

Ramiro Gonzálezek osoko bilkurari hasiera emateko orduan legealdiko hiru urte hauen birpasa eta balantzea egin du. Hitz egiteko izan duen tartean, bere ardurapean dauden sailek hitzemandako eta betetako konpromisoak azaldu ditu, eta hasiera batean ezarritako helburuak bete direla esan du. “Legealdirako ezarri zen Gobernu Programaren %94a bete da. 300 jarduera daude egiteko prozesuan eta 83 amaitu egin dira jada. Azken finean, planifikazio ona, kudeaketa eta zorroztasuna, hurbiltasuna, erabakimena, erakundeen arteko lankidetza eta politikarien eta gizartearen adostasuna. Hori da gobernatzeko dugun eredua eta horiek dira bere osagaiak”, baieztatu du.

Jarraian azaldu ditu Politika Orokorrari buruzko aurreko Osoko Bilkuran iragarritako ekimenetan emandako aurrerapausoak, batzuk urte batetik edo legealdi batetik harago doazenak. Tejera ganari buruzko berrikuntzak, Farmazia Garapenerako Zentroa, adineko pertsonentzako bizitokia, Betoñoko eraikineko Diseinu Eskola eta Aiaraldean Arabako Foru Aldundiaren ordezkaritza irekitzea.

Bi proiektu berri

Halaber, Gonzalezek beste bi proiektu berri iragarri ditu eta horietako lehena da `Zainduz´ izenekoa, mendeko pertsonak etxean bertan zaintzen dituzten zaintzaile informalei zuzendua. Ramiro Gonzálezen gobernua une honetan ari da egitasmo hori abian jartzeko lanetan, Araba herrialde osoan 4.500 pertsona onuradun izango dira, oro har, mendeko pertsonen senideak, heren bat 65 urtetik gorakoak. “15 eguneko atsedenaldia aurreikusiko dugu eta zaintzailea aldi horretan lasai egoteko aukera izango du bere senidea behar bezain ondo artatua izango delako eguneko zentroren batean edo Foru egoitza publikoren batean”.

Ahaldun Nagusiak era berean iragarri du Ingurumen Saila Arraia-Maeztuko meatzaldea birmoldatzeko egitasmo berria lantzen ari dela, asfaltoko meategi zaharrak, gaur egun oso narriatuta daudenak, turismo, zientzia eta aisialdirako baliabide bihurtzera begira.

Emilio Olabarria Bloga