LAUDIO

Prentsa Aretoa

2022/10/18

Erritmo onean doaz obrak San Juan erreka Nerbioi ibaiarekin bat egin aurretik aire zabalean jario dezan

Hala egiaztatu ahal izan dute Ander Añibarro Laudioko alkateak eta Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendariak beren talde teknikoekin egin duten bisitan

rss Ezagutzera eman
Erritmo onean doaz obrak San Juan erreka Nerbioi ibaiarekin bat egin aurretik aire zabalean jario dezan

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziak, Laudioko San Juan errekaren ibilgu berriaren gainean zubi baten habeak jarri ditu, errekak Nerbioi ibaian duen bokalean. 

Hala egiaztatu ahal izan dute gaur Ander Añibarro Laudioko alkateak eta Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendariak beren talde teknikoekin egin duten bisitan. 

Zubi berri hau Laudioko San Juan errekaren uholdeetatik babesteko lanen mugarrietako bat da: Zumalakarregi eta Goikoplaza kaleen arteko 150 metroko zatian egindako jarduketa. Nerbioi ibaiaren ezkerreko ibaiadarra den San Juan errekak zabalera nabarmen ez nahikoa zuen Nerbioirekin bat egin aurretiko azken tarte horretan; uholde arrisku handiko eremua zen eta, gainera, ahokatua zen  (alegia, ubideratua eta estalia). 

Orain arte, lanak egin dira San Juan erreka Nerbioin murgildu aurretik aire zabalean jario dezan,  eta ur-goraldien aurrean segurtasuna areagotzeko ahalmen hidrauliko handiagoa izan dezan. Obrek 1.071.865,31ko aurrekontua dute, BEZa barne, eta lanak 2023ko otsailerako amaitzea aurreikusten da. 

Ander Añibarrok azpimarratu duenez, “errekaren ibilgua egokitzeko lanak amaitutakoan, euria gogor egiten duenean, Laudiok ez du kalterik jasango. Laudioarrek ez dute jadanik uholdeez arduratu beharrik izango”. 

Antonio Aizek adierazi duenez, “Ibilgu nahikoa eta ahalik eta naturalena duen irtenbide bat bilatu da, eta, aldi berean, haren konfigurazio berriak aurreikusitako hiri-garapenarekin bat egiten du, eta ibilgu berria igarotzen den espazio osoaren ingurumen- eta hiri-kalitatea hobetzen du”.

San Juan erreka 

San Juan errekan jarduteak hainbat helburu ditu: 

Alde batetik, ibilguaren egokitzapen hidraulikoa garatzen da, edukiera handiagoa sortuz, aire zabalean, eta sekzio nahikoa, uholde-arriskua saihesteko eta murrizteko. 

Bestetik, Ibaiaren eta bizitegirako eta ekipamenduetarako hiri-espazioaren arteko integrazioa ahalbidetzen du: orain eta etorkizunera begira, ingurumen-hobekuntza nabarmenarekin.

Laudion uholdeei aurre egiteko lanek darraite 

San Juan errekaren egokitzapen hidraulikoaren eta ingurumen-egokitzapenaren proiektua Nerbioi ibaiaren uholdeen aurkako defentsarako proiektuaren aurreikuspenak kontuan hartuta diseinatu da, Laudioko herrigunetik igarotzean. Proiektu horren jarduera-eremua Nerbioi ibaiaren Kurajoko pasabidearen eta Altzarrate zubiaren arteko zatia da. 

4,7 M €-ko lizitazio-aurrekontuarekin eta 17 hilabeteko egikaritze-epearekin, ibaiari ahalmen hidrauliko handiagoa emango zaio 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldien uholde-arriskuari eusteko, 438 m³/s-ko emariari dagokiona. Horretarako, ibaiaren ohearen kota jaitsiko da eta sakonera handituko da metro inguruko indusketen bidez. 

Proiektu hau Europar Batasunak – NextGenerationEU – finantzatzen du.

Iturria: Baliabide propioak eta Irekia.

 

Emilio Olabarria Bloga