LAUDIO

Prentsa Aretoa

2024/07/08

EAJ-PNVk EH-Bilduk Laudion egindako kudeaketa ekonomikoa errefusatu du

Alderdi jeltzaleak babesa adierazi die auzokideen proposamenei eta eskerrak eman dizkie herritarren parte-hartzeagatik, baina ez dago ados Gobernu talde horren jokaerarekin. Horregatik, osoko bilkuran kredituak aldatzeko aurkeztutako espedienteen aurka bozkatu du

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVk EH-Bilduk Laudion egindako kudeaketa ekonomikoa errefusatu du

ARGAZKIA JAITSI

Laudio, 2024ko uztailaren 8a. – Laudioko Udaleko EAJ-PNV Udal Taldeak bere kezka sakona adierazi du EH-Bilduren kudeaketa negargarriaren lagin berri baten aurrean, kasu honetan udalerriko baliabide ekonomikoei dagokienez, gaur arratsaldean kreditu-aldaketa bi onartzeko deitutako ezohiko Osoko Bilkuran ikusi den bezala.

"Kezkagarriena da, berriz ere, EH-Bildu gezurretan ari zaiela herritarrei. Elkarlanerako aurrekontuak saltzen ditu, baina, ondoren, kredituak aldatzeko espediente bat ekartzen digu Osoko Bilkurara, %30 inguru auzotarren ideietatik datorrena", adierazi du Ander Añibarro Laudioko Udaleko EAJ-PNV taldeko bozeramaileak.

Zinegotzi jeltzaleak adierazi duenez, otsailean EH-Bildu eta Omniaren babesarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin aurrekontu orokorrak onartu baziren ere, EAJ-PNVk adierazi zuen ez zegoela ados aurrekontu horiek gauzatzeko moduari buruz, Udalaren beharretara egokitutako "Aurrekontu Tekniko" gisa aurkeztu baitziren, Udalaren ohiko funtzionamenduari erantzuteko. Hala ere, bozeramaileak salatu du espediente berriek soberakinetik ia 3 milioi euro gastatu nahi dituztela, eta horrek milioi bat eurorekin bakarrik utziko lituzkeela Udalaren diru-kutxak. Izan ere, gobernu-taldeak otsailean ere gezurra esan zuen: ez zen aurrekontu tekniko bat eta ez zetorren bat Udalaren gastuarekin.

"Egoera hau zentzugabekeria iruditzen zaigu, diru publikoaren erabateko lausotzea eta erabateko erantzukizunik eza, Udala egiten ari den obrak eta aplikatzen ari den gastu arruntaren hazkundea kontuan hartuta", zalantzan jarri du Añibarrok. Era berean, galdetu du gobernu-taldeak nola egin nahi dien aurre Antzokiari, hornidura-plazari eta Alberto Acero plazako lokalen desjabetzeari, sor daitezkeen ezustekoak aipatu gabe. "Udala zorpetu nahi dute, kontuak onbideratuta hainbeste urte igaro ondoren", gaineratu du.

Añibarrok familiaren ekonomiarekin alderatu du egoera: "Familia batek hilean 2.000 euro irabazten baditu eta 2.200 euroko gastuak baditu, bere aukeren gainetik bizi direla pentsatuko genuke. Horixe da EH-Bilduko udal kudeaketaren errealitatea. Kontrolik eza eta planifikazio falta erabatekoa ".

Eskerrak eta babesa auzokideen ekarpenei

Auzokideen proposamenei dagokienez, EAJ-PNVk babesa adierazi die proposamen guztiei eta herritarren parte-hartzea eskertu du. Hala ere, deitoratu du gure bizilagunen proposamen asko ez direla jasotzen egungo espedienteetan, EH-Bilduren baheketaren ostean, "eta badirudi ahaztu egin zaiela hori esatea, bitxia bada ere", adierazi du bozeramaile jeltzaleak.

EAJ-PNVren ekarpenei dagokienez, udal taldeak erabateko etsipena adierazi du EH-Bilduren akordioak lortzeko gogo faltaren beste adibide baten aurrean. Añibarro harrituta agertu da talde jeltzalearen proposamen bakarra onartu delako, "guk planteatutako gai garrantzitsuak baztertuz, hala nola adinekoen lokala handitzea, jaietarako dirulaguntzak % 15 handitzea edo Landaluze biziberritzeko proiektua, besteak beste".

"EAJ-PNV udal taldea ez dago guztiz ados EH-Bilduko kudeaketa moduarekin eta gaur herriari aurkeztu diotenarekin. Hori dela eta, bi espedienteetan kontrako botoa eman dugu, baina, zalantzarik gabe, gustatuko litzaiguke auzokideen proposamenen alde bozkatzea, gobernu-taldeak espediente propio batean ekarri izan balitu, eta ez gobernu-talde honi interesatzen zaizkion inbertsioetan lausotuta ", amaitu du Ander Añibarrok.

Emilio Olabarria Bloga