Prentsa Aretoa
2016/07/16
Urkulluk Murgian baieztatu du ez bera ezta EAJ-PNV ere ez direla azken urteotako adierazle ekonomiko baikorrekin konformatuko: “Hazten segituko dugu, dezimaz dezima, enpleguz enplegu, pertsonaz pertsona”
Lehendakariak Arabako Alderdikide Egunean berriztatu du jeltzaleek ‘EAJ ereduaren‘ alde egiten duten apustua, hau da “elkarrizketan, akordioan eta kudeaketaren zorroztasunean” oinarritzen dena, “pertsonak helburu ditu” eta “enplegua eta justizia soziala” lortzera bideratuta dago.
Iñigo Urkullu. Arabako Alderdikide Eguna. Murgia (16-07-2016)
HITZALDIA - 2016/07/16
Iñigo Urkullu lehendakariak erabakimen osoz baieztatu du gaur Arabak eta Euskadik hurrengo lau urteotan 2013 amaieratik hona egin duten bidean segituko dutela, hau da, suspertze ekonomiko eta enplegu sorreraren bidean. Gauzak horrela izan daitezen, Urkulluk bere eta EAJ-PNV osoaren ahalegin osoa konprometitu du eta, talde jeltzaleak proposatzen duen herri ereduari eutsiko diola eta eredu horretan sakonduko duela baieztatu du, Espainiar estatuaren antipodetan dagoen eredua, hain zuzen. “Gure helburua haztea da, aukerak irabaztea, Herri hau partekatzen dugun pertsona guztion ongizatea hobetzea, inor ere ez atzean ez uztea. Nola egiten dugun? Eredu propio kontrastatuarekin eta esperientziarekin. Zehaztasun ezaren aurrean, argitasuna; hitz arranditsuen aurrean, egintzak; arazoen aurrean, konponbideak. Gu gara egia eta ziurtasuna. Egonkortasuna eta konpromisoa gara. Herri honentzat partekatzen dugun proiektua ordezkatzen dugu. Elkarrizketa, akordioa eta kudeaketaren zorroztasuna dira gure Herriaren balore bat”, esan du Urkulluk EAJ-PNVk gaur, Murgian, Gorbea mendiaren magalean ospatu duen Arabako Alderdikide Egunean.
Urkulluk, hitz egiten hasterako orduan, Nizako sarraskiko biktimak gogoratu ondoren esan du Espainiako gaurko egoera politiko, soziala eta ekonomikoak, nolabait, Euskadik 2012 urte amaieran, bera Lehendakari bihurtu zenean bizi zuen egoera gogorarazten diola, “aurrekonturik gabe, atzeraldi egoeran, langabezia gorako bidean, aurrekontuan 1000 milioi gutxiago, defizita murrizteko derrigorra…”. Garai hartan, “erantzukizuna, zorroztasuna eta aurrera egitea aukeratu genuen”, gogoratu du. 2013ko maiatzean, Urkulluk mahai baten inguruan eseri zituen Euskadiko alderdi politikoak eta etorkizunerako bost akordio proposatu zizkien “eta akordio horiek betetzen joan gara: erreforma fiskala, iruzurraren kontrako borroka; suspertze ekonomikoa eta enplegua; politika publikoak eta politika sozialak; eta eredu instituzionala”. Mahai hartatik akordio politiko batzuk sortu ziren Euskadin eta Araban, eta gaur egungo hedapen eta hazkundea ekarri dute. “Hazten ari gara. Araba eta Euskadi hazkunde bidean daude. Hamar hiruhileko daramagu Euskadin jarraian hazten. 2013ko azken hiruhilekoa atzean utzi dugu, atzeraldiko azkena izan zen. Orain 39 hilabete daramagu langabezia murrizten. Egunetik egunera atzean uzten joan gara 2013ko martxo hura, atzeraldiko azkena. Egunez egun, 2013ko martxoa atzean uzten dugu, langabezia Euskadin zifrarik handienera iritsi zen hilabetea, hain zuzen. Hazten segituko dugu, dezimaz dezima, enpleguz enplegu, pertsonaz pertsona. Gure aurreikuspena zen 2020 urtea baino lehen langabezi-tasa %10etik behera jartzea. Aste honetan argitaratu diren txosten ekonomikoek diote Euskadik 2017rako lortuko duela”, esan du Lehendakariak, egoera honetan ere triunfalismotik ihesi egin duelarik. “Ez gara konfiatu eta ez gara konformatuko. Ekin egingo diogu. Industria sektore indartsuagoa. Konfiantza handiagoa. Inbertsio gehiago, esportazio gehiago. Hazkunde handiagoa eta enplegu gehiago. Lankidetza eta adostasun handiagoak lortzeko asmoa dugu”.
Eredu hau, Urkulluren hitzetan, printzipio eta balore batzuetan oinarritzen da. “Egitasmo integratzailea, abertzaletasun korporatibo barneratzailea. Balore positiboekin. Gure lehentasuna funtsezko duguna bermatzea izan da: Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte babesa, berrikuntza eta Euskadiri aitortzen zaizkion beste gaiak albo batera utzi gabe. Eta orain haztea dagokigu”, esan du Lehendakariak. Baina arrakasta eta ziurtasunen euskal eredu hau ere ez da mehatxurik gabea, ohartarazi du. “Ziurgabetasun politiko, sozial eta ekonomikoa bizi dugu. Euskadi ez dago abenturetarako. Ezta apustu ezezagunetarako ere”. Hala ere, Urkulluk baikortasun eta konfiantza mezua adierazi nahi izan du. “Gure eredua fidagarria da. Egitasmo bat dugu Euskadiren etorkizunerako. Azken lau urte hauek gogorrak izan dira, 2020ko Euskadiren oinarria ezartzeko lan isila egin dugu. Bide onetik goaz. Helburu horiek lortuko ditugu eta Euskadi 20130 egitasmoa martxan jarriko dugu. Onena heltzear dago, urte hauek guztiak oinarrizkoak izan dira Euskadiren etorkizunerako”.
Urkulluk ez du astean bertan gogoratu den efemeridea ahaztu nahi izan: lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. Urteurrena, “Euzko Alderdi Jeltzaleak letra larriz idatzitako Demokrazia eta Askatasunaren aldeko apustua egin zuen gerra, erbeste eta diktadura garaian”, baieztatu du. “Euskadik etorkizun berriari begiratzen dio Nazio Estatua aitortuta ikusteko helburuarekin. Araban jakin dakigu errealitate horrek bat egiten duela Giza Eskubideekin: ‘Akordioa euskal gizartearen baitan eta Akordioa Estatuarekin’ gure tradizio foralarekin bat egiten duen prozedura da. Estatu konposatuen Europa batean Nazio Komunitate baten burujabetza partekatuaren funtsa ordezkatzen du. Europara begiratuz, denbora beharko duen Nazioen Federazio horretara begiratuz, baina hori da benetako Batasuna eraikitzeko modua, behetik gora, hiritarrengandik hurbil”.
Jose Antonio Susok, ABBren presidenteak, hitz egiteko txanda ireki du Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan egin duen lanaren balioa azpimarratuz. “Lana, elkarrizketa eta akordioa dira Urkullu markako vademécum-aren parte bat, legealdi honetarako aurreikusi diren konpromiso legegileak aurrera ateratzeko. Konpromiso horiek beste lege egitasmoekin eta Lakuako Exekutiboaren aurrekontuak urtero onartzearekin batera eguneratu, hobetu eta osatu dira”, esan du Susok. “Ez dut Eusko Legebiltzarrean onartutakoaren kalitate eta kantitatearekin geratu nahi, garrantzitsua bada ere. Azpimarratu nahi dudana da horiek onartzeko behar diren adostasunak bilbatzeko egin den lana, akordio asko aho batez hartu direlarik. Urkullu lehendakariaren taldeak lan horretan jarraitzen du. Gobernu hau ez dago funtziotan”, esan du ABBren presidenteak. Susok era berean azpimarratu ditu Araban eta Vitoria-Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren lankidetzaren ondorio gisa lortutakoak. “Urkullu-González-Urtaran hirukotean kimika dago. Araba eta Vitoria-Gasteizen, erakundeen lankidetzaren babesean, egitasmoen garapena bultzatzen jarraituko duen kimika”. Arabako EAJ-PNVren buruak adibide gisa eman du Andre Mariaren Katedralaren kasua. “Inoiz Urkullu Lehendakariari entzun diot ‘Lanean eta zabalik’ adierazpenak arabar arimaren isla dela, arabarrek denon egitasmoa aurrera ateratzeko duten gaitasunaren isla, ahaleginak bateratzeko eta ideia bat muga guztiak gainditu arte garatzeko ahalmenaren adierazpena. Jakin badakit bihotzez esaten duela. Ezagun dut Iñigo Urkulluk Arabarekin duen inplikazio pertsonala”.
Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzálezek, bere aldetik, gogoratu du duela urte bete “geldirik eta Rajoyren ordezkariak gobernatuta zegoen” Arabar Aldundiaren zuzendaritza bereganatu zuela, eta hamabi hilabete geroago “martxan dago” beste talde politikoekin eta beste erakundeekin adostu diren akordioei esker. “Aurten Arabak egonkortasuna eta normaltasuna izan ditu, akordioak izan ditu. Eta nabaritu egin da. Gure ekonomia hazi egin da: %25eko hazkundea izan dute esportazioek, %15ekoa produkzio industrialak, %3,6 BPGak. Eta langabeziak behera egin du azken urte honetan: 2.100 langabe gutxiago dira”. Gonzalezek Arabak une honetan bizi dituen aurrerapenak azaldu ditu, Assatik Elvillarrerako errepidea, Legutioko zeharbidea eta N-124 errepiderako egin den proiektua. “Arasur bultzatu dugu eta beste enpresa batzuk daude plataforma logistikoan instalatuko direnak. Foronda indartzen ari gara, eta zortzi aldiz biderkatu da bidaiarien kopurua. 36 milioi euro jarri ditugu foru planean, herrialde osora iristen diren lanak. Etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen den ordu kopurua handitu dugu: 14.000 ordu gehiago. Araba martxan jarri dugu, baina ez dugu bakarrik egin. Lehendakariarekin eta Gobernuarekin batera egin dugu. Arabarekin konpromisoa hartu duten Jaurlaritza eta Lehendakaria dira. Vitoria-Gasteizen egindako inbertsioetan ikusi dugu: Autobus geltokia, Europa Jauregia, Unibertsitate Erietxea, Koroatze auzoa, Zabalganako Osasun Zentroa, ARASURen eginiko inbertsioa, Forondari emandako bultzada, 348 landa bide konpondu izana, Amurrioko osasun zentroa, Arabar Errioxan kontratazioei emandako laguntzak…”. “Eta badakizue zein diren Arabatik Madrilera heldu diren inbertsioak?”, galdetu du Ahaldun Nagusiak. “Bat ere ez. Zero euro. Besteei behar bezain arabar ez izatea leporatzen dietenak Madrilera joan dira eta Arabaz ahaztu dira”, salatu du.
Nabarmenak...
LAUDIO
2024/10/21
LAUDIO
2024/10/16
LAUDIO
2024/10/04
LAUDIO
2024/09/18
LAUDIO
2024/09/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
LAUDIO
2023/04/21
LAUDIO
2023/08/29