Sala de Prensa
28/11/2014
Ramiro Gonzalezek hitzeman du aurrera egingo duela Aiarako enplegu plan bat sortzeko
“Alderdi Popularrak Aiarako enplegu planik abian jartzen ez badu, guk egingo dugu” Ramiro González, diputatu nagusitarako EAJ-PNVren hautagaia
Ramiro González, Arabako diputatu nagusitarako EAJ-PNVren hautagaia, gaur Aiaran izan da, eskualdeko egoera sozioekonomikoa nolakoa den ikusi, entzun eta in situ ezagutzeko. Amurrioko Enpresa Haztegia bisitatu du eta jada ezaguna den errealitate hori bertatik bertara ikusi ondoren, hitzeman du Aiarako enplegu plan bat sortzeko urratsak egingo dituela, “eta Alderdi Popularrak abian jartzen ez badu, guk egingo dugu”, jakinarazi du.
“Badakigu zer-nolako zailtasunak jasaten ari diren Aiarako enpresak, eta, bizilagunekin hitz egin, enpresetara joan eta hainbat kolektibo eta elkarterekin egon ondoren, argi daukagu baldintza egokiak ezarri behar ditugula dinamismo eta ahalmen industrial handia betiko ezaugarria izan duen eskualde hau enpresen instalazioaz elikatu dadin. Enpresa, ekintzaile, ETE eta autonomoentzako laguntza, horixe behar du”, azaldu du hautagai jeltzaleak.
Ildo beretik, Ramiro González erabat sinetsita agertu da garrantzi handiko kontua dela Arabak egonkortasun politikoa edukitzea, hots, lurraldeari egonkortasuna emateko behar adinako gehiengoan oinarritutako gobernua izatea.
Era berean, enpresek egonkortasun fiskala edukitzeak berebiziko garrantzia duela uste du hautagai jeltzaleak. “Irauteko bokazioa duen erreforma fiskala onartu berri dugu, enpresen inbertsioa eta berrikuntza sustatzeko pizgarriak ematen dituena. Enpresen ezarpena sustatu beharra dago eta arlo horretan Arabako Aldundiak eginbehar nagusia bete behar du, industriarako lurzorua kudeatuz. Lurzorua eskaini behar da baldintza onetan”, azpimarratu du, eta laguntza hori zuzeneko neurrien eskutik etorri behar dela erantsi du.
Gero, Ramiro Gonzalezek bereziki azpimarratu du zer baldintza bildu behar dituen Aiarako lurzoruak, enpresek eskualdea erakargarri ikus dezaten bertan kokatzeko. “Berrikuntza etorkizuna da. Balio erantsia duten produktuak fabrikatu behar ditugu. Baditugu gaitasun handiko langileak, lehen mailako ikertzaileak eta ahalmena, eta horiek denak baliatu behar ditugu”. Horren harira esportazioa ere aipatu du. “Gure enpresek aurrera egin nahi badute, kanpoan saltzeko gai izan behar dute, gorantz datozen ekonomietan batez ere, horiek merkatu zabalak dituztelako”.
Laguntza horren hirugarren zutabea enpresen arteko lankidetza da. “Gure enpresak txikiak dira, elkarlanean jardun beharra dute, elkarrekin erosi eta esportatu… dinamika horiek guztiak landu”, adierazi du.
Diagnostiko hori egin ondoren, diputatu nagusitarako EAJ-PNVren hautagaiak argi utzi du konpromisoa hartu duela arlo horietan aurrera egiteko, arazoei helduko dien enplegu plan bat sortzeko eta enpresentzako laguntzarako eta, horrenbestez, enplegu sorkuntzaren aldeko neurri zehatzak ezartzeko. “Berehala martxan jar daitezen saiatzen ari gara. Baina, Alderdi Popularraren Foru Gobernuak martxan jartzen ez baditu, guk egingo dugu”, baieztatu du.
Lamuza
Laudion komunikabideen aurrean egin duen agerraldia baliaturik, Ramiro Gonzalezek herri horretako arazo zehatz bat ere aipatu du, hain zuzen ere Lamuzako parkearen eta bertako eraikinen narriadura.
Gaur goizean bertan EAJ-PNVren hautagaia S.O.S. Lamuza plataformarekin biltzekoa da, inguru horretako beharrizanen berri zuzenean jasotzeko eta bere babesa agertzeko.
Ildo horretan gogora ekarri du nola aurreko legegintzaldian Xabier Agirre jeltzalea buru zuen Foru Gobernuak hiru milioi euro agindu zituen Lamuzako parkea lehengoratzeko, baina gero Alderdi Popularrak aurrekontutik kendu zituen.
Aste honetan bertan Arabako Biltzar Nagusiek beste ekimen bat eztabaidatu dute. Bertan berriro salatzen dute Arabako Foru Aldundiak Laudioko Lamuza parkeari buruz agertu duen axolagabekeria, eta benetako konpromisoak har ditzala eskatzen diote, Lamuzako parkea lehengoratzeko eta zaintzeko, horretarako behar diren diru partidak bermatuz.
Azkenik, Ramiro Gonzalezek hau iragarri du: “gure konpromisoa da EAJ-PNVren Foru Gobernuak 2011n agindutako hiru milioi euroko partida berreskuratzea Lamuzako Multzoa Babestu eta Kontserbatzeko Plan Berezia abiarazteko. Alderdi Popularrak ez baditu hiru milioi euro horiek berreskuratzen, guk egingo dugu”.
Destacados...
LLODIO/LAUDIO
21/10/2024
LLODIO/LAUDIO
16/10/2024
LLODIO/LAUDIO
04/10/2024
LLODIO/LAUDIO
18/09/2024
LLODIO/LAUDIO
10/09/2024
Noticias más vistas...
EBB
27/01/2024
EBB
27/01/2024
EBB
27/01/2024
LLODIO/LAUDIO
21/04/2023
LLODIO/LAUDIO
29/08/2023